Video 2 Feb

Poema baten irakurketa Euskal Herrian: “Torturak” (Wislawa Szymborska)

Torturak jasan dituzten Euskal Herriko gizon eta emakumeek Wislawa Szymborska 1996ko Nobel Saridunaren “Torturak” poema irakurtzen.


TORTURAK

Ezer ez da aldatu.
Gorputza mingarria da,
jan egin behar du, lo egin behar du, arnasa hartu.
Azal mehea dauka, eta isuri egiten duen odola,
hortz eta azkazal kopuru egokiak,
hautsi egiten diren hezurrak, eten egiten diren junturak.
Torturak kontuan hartzen du hori dena.

Ezer ez da aldatu.
Gorputza ikaratu egiten da Erroma sortu aurretik
eta Erroma sortu ondoren ikaratu zen bezala,
Kristo aurreko eta ondoko hogeigarren mendean bezala.
Torturak berdin dirau, lurra da murriztu egin den bakarra,
eta dena gertatzen da pareta bitarte bezala.

Ezer ez da aldatu.
Gizaki gehiago dagoela, besterik ez,
irain berriak erantsi zaizkiela betiko irainei,
benetakoak, asmatuak, aldian aldikoak eta inoiz ezekoak,
baina gorputzak N erantzuten dien garrasia
errugabearen oihua zen eta izango da beti
denborak eta tonalitatek ezarritako eskalaren arabera.

Ezer ez da aldatu
ohitura, zeremonia eta dantza batzuk izan ezik.
Baina burua babesten duten eskuek
mugimendu bera egiten dute beti.
Gorputza bihurritu egiten da, izutu, askatu egin nahi du,
behaztopan jausten da, edo belaunak zorabiatzen zaizkio,
ondoeza egiten zaio, puztu egiten da, adurra dario, odola.

Ezer ez da aldatu
mugak izan ezik,
oihan, kostalde, basamortu eta glaziarrak izan ezik.
Bazter hauetan barrena doa arima erratua,
ezkutatu egiten da, itzuli, hurbildu edo urrundu egiten da,
bere buruaz arrotz, beti harrapagaitz,
noiz seguru, noiz bere buruaz etsita.
Baina gorputza, ordea, gorputza bada: da, da, da,
eta, egia esan, ez dauka non.

Video 25 Jan

Ez dizu onik egingo. Susa literatura argitaletxeak, duela zenbait urte sarean zabaldutako ezpot zenbait. 

Photo 17 Aug Txirritak 150 urte.
Jose Manuel Lujanbio 1860ko abuztuaren 14an jaio zen Ereñotzuko Latze baserrian, duela 150 urte. Familia  Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen 1873an, eta hurrengo urtean,  hamalau urte zituela, plaza agerikoan lehendabiziko aldiz kantatu  zuenean hartu zuen Txirrita deitura. Antxoko huelga eta Alemaniako gerra eta Norteko trenbideari bertsoen egilea bertsolari gogoratuenetakoa da gaur egun. Txirritak paperean jarritako guztiak dituzu hemen emanak.
Wikipediak ingelesez sarrera txukuna dauka Hernanin jaiotako bertsolari handiari buruz: Txirrita @ english wikipedia

Txirritak 150 urte.

Jose Manuel Lujanbio 1860ko abuztuaren 14an jaio zen Ereñotzuko Latze baserrian, duela 150 urte. Familia Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen 1873an, eta hurrengo urtean, hamalau urte zituela, plaza agerikoan lehendabiziko aldiz kantatu zuenean hartu zuen Txirrita deitura. Antxoko huelga eta Alemaniako gerra eta Norteko trenbideari bertsoen egilea bertsolari gogoratuenetakoa da gaur egun. Txirritak paperean jarritako guztiak dituzu hemen emanak.

Wikipediak ingelesez sarrera txukuna dauka Hernanin jaiotako bertsolari handiari buruz: Txirrita @ english wikipedia

Quote 11 Aug

Eta gauaren sasoi honek, ibai sakonik ez du

Goizeko izarren izpiek ebakitzen dute.

Mendi gorenetik, bere argiak

Harria inguratzen du.

Harkaitz beltzeraino narama

Non eguzkiak artzainari bidea zabaltzen dion.

Egia erran, lehena nintzen etorritako ainaren ahotsa

Entzutera eramana.

Baita ere mugituko den lehen begiaren ikustera eramana.

Festa handia hastera nindoan.

Ateak, lurraren lau semeek ireki zituzten,

Eta hodeiak haurren begiak bezain eztiak ziren.

Oihan sakona lurrean barneratu zen

Ibai bat aurkitu zuen eta jarraiki nion.

Seinale horren bidez ohartu nintzen

Goizeko apairuan, ni ere barne nintzela.

— 

Gaua amaitzear dago Mazisi Kunene

Mazisi Kunene Foundation, Hegoafrika

1930ean jaio zen Hegoafrikan. ANC erakundeko kidea exilioan. Zulu hizkuntzaz idazten zuen. Liburu ezagunenak: «Zulu Poems», «Emperor Shaka The Great» eta «The Ancestors and the Sacred Mountain». Azkeneko liburukoa da hemengo poema, idazleak zulutik ingelesera egindako itzulpenetik jasoa. Arantxa Hirigoienek Susa aldizkarian euskarari ekarritako poema.

Link 22 Jul Kide poema argitara eman du Maiatzek»
Text 19 Jul 1 note Vladimir Maiakovski

Maiakovski Comons Wikipedia

Vladimir Maiakovski

Errusiar olerkigilea eta iraultzailea (Bagdadi, 1893 - Mosku, 1930). 1908. urtean alderdi boltxebikean sartu zen. Errusiako lehen agiri futurista idatzi zuen beste batzuekin batera, eta ondoren higikunde futuristako kide nagusi bihurtu zen. Garai hartakoak ditu Oblako v shtanaj (1915, Hodeia galtzak jantzita) eta Fleitapozvonochnik (1916, Orno flauta). 1917ko urriko iraultza gertatu zenean, Maiakovskik gobernuarekin batera lan egin zuen esapide iraultzaileak sortzeko. Handik aurrera Maiakovskik aginpide berriaren balioak goraipatzeko erabili zuen bere olerkigintza. Lan aipagarriak ditu, besteak beste: 150.000.000 (1920), mundu zaharraren eta berriaren gatazka gai duena; Vladimir Ilich Lenin (1924), eta Oktiabr (1927, Urria), iraultzaren hamargarren urteurrenerako idatzia. Geroko obretan ordea sobiet iraultzarekiko etsipena adierazi zuen: Klop (1929, Tximitxa) eta Bania (1930, Bainuak). Bere buruaz beste egin zuen Moskun.

[Idazleari buruzko informazio gehiago]

Poema antologia

itzul.: Koldo Izagirre
Susa, 1993
Erreferentziak 11

Etorri gara
itzul.: Itxaro Borda
Maiatz-12, 1986

150000000 obratik poesia zatiak
itzul.: Itxaro Borda
Maiatz-12, 1986

Esperantza
itzul.: Itxaro Borda
Maiatz-12, 1986

BILAKAERA

Ahal dena baino gehiago

behar dena baino gehiago,

poesiaren eldarnioak sorturiko

ametsean bezala,

bihotzaren bola izugarria bilakatu da,

maitasun meta,

gorroto meta.

Zamapean

zangook

zabu egiten dute ibilian.

Ongi dakizu

gorpuzkera gaitza dudala

eta hala ere

herrestan noa, bihotzaren luzakin,

sazhenbeteko bizkarrak eroriak.

Basitua nago nire bertsoen esneaz.

- ezin du gainez egin -

ez daki non - berriro harrotzen da.

Munduaren titiama,

Maupassanten pertsonaiaren

hiperbolea,

aspertua naukazu, lirismoa!

Text 9 Jul Gure belaunadia

beñat sarasola | basquepoetry.net

Gure belaunaldiak ez du deus balio, gure belaunaldia Aginako zero bat da. Ezin izan ditugu gurasoak akabatu; etxetik alde egin, komuna hippie batera joan. Gure gurasoek ulertu egin nahi izan gaituzte, eurek lotutako txirriak erre ditugu, gure alde jarri, gure bandora pasa dira. Irakasleek ikastoletan heziketa teknika modernoenak erabili dituzte gurekin; jolasak egin ditugu, drogen inguruan mintzatu gara, larrutan egiten irakatsi digute ia. Gu iristerako Historia amaiturik zegoen eta Artea, berriz, gure aurrekoek hil zuten. Dena dago honezkero idatzirik, ez da existitzen eskola literariorik haien kontra joateko, baina hala ere ezin konta ahala literatur sari eta beka antolatzen dizkigute gure karrera literarioak promozionatzeko. Utopia eta ideologiek ere, bestetik, ez dute lekurik gaur egun. Gure belaunaldiko inor ez da eromenez, gosez akabatuko. Modelo eta futbolariek tatuajeak eramaten dituzte euren errebeldiaren erakusgai, C&A-k Che Guevararen irudia erabiltzen du udaberriko denboraldirako. Ez dugu katekesirik egin, ezin izan gara apaizen kontra oldartu. Lanean, Giza Baliabideen departamentuak laguntzen gaitu, langileek brainstormingak egiten ditugu enpresaren kudeaketa hobetzeko, sindikatuek babesten gaituzte euren konbenio kolektiboen bitartez. Gure belaunaldiak, gainera, ez du diktadurarik ezagutu, ez dugu demokrazia besterik bizi izan. Gure belaunaldiak erreklamazio orriak ditu eskura bere kexak bideratzeko. Gure belaunaldia…

Gure belaunaldia Beñat Sarasola

Text 22 Jun Euskal idazleak operan

100 urte bete ziren maiatzaren 31n Jesus Guridik eta Alfredo Etxabek Mirentxu opera estreinatu zutela Bilboko Campos Eliseos antzokian gazteleraz; eta hura gogoan Arriaga antzokian lau emanaldi egingo dituzte orain ekainean, baina ez noski Joseba Zubimendik 1934an euskaratu zuen Mirentxu libretoarekin.

  • Euskarazko lehendabiziko opera Jose Antonio Santestebanek eta Serafin Barojak estreinatu zuten Donostian 1894an: Pudente.
  • 1899an Bonabentura Zapirainek eta Toribio Altzagak Txanton Piperri eskaini zuten Donostian.
  • 1900ean Felix Ortiz eta Pedro Mari Otañok Artzai mutilla Buenos Airesen.
  • 1900ean Eduardo Mokoroak eta Emeterio Arresek Sentierak (Leidor) Iruñean.
  • 1909an Zapirain-Altzagak Anboto Bilbon. 1909an Charles Colinek eta Etienne Decreptek Maitena Bilbon.
  • 1911n Jose Maria Usandizagak eta Pepe Artolak Mendi mendiyan Bilbon.
  • 1911n Resurrecion Maria Azkuek Ortzuri Bilbon.
  • 1913an Mokoroa-Arresek Zara Tolosan.
  • 1914an Resurrecion Maria Azkuek Urlo Bilbon.
  • Beste bi opera ere egin zituzten Colinek eta Decreptek: Amatxi (1914) eta Semetxia (1917), lehena ez zen estreinatu eta bigarrena behin baino ez zen egin Donibane Lohizunen 1921ean.
Text 4 May 1 note Joxan Ormazabalen ilunorduak

Joxan Ormazabal

Joxan Ormazabal idazle eta editorea hil zen maiatzaren 2an Zegaman. Joan den ostegunean, apirilaren 29an, aurkeztu zuen bere azken liburua: Ehun ipuin hitz gutxitan, Jon Zabaletaren irudiekin. Oso ezagunak egin ziren Ormazabalen liburuak 90eko hamarraldian: Pernando Amezketarra, Kittano edo Zipriztin. Hala ere bere lan guztien artean Ilunorduak eta argilaurdenak (2007) poema bilduma dugu guk gogoan, Elena Odriozolaren ilustrazioez edertua. Sautrela telebistako literatura saioak duela aste batzuk egindako bideozko erreportajearekin egingo diogu agur.

Joxan Ormazabalen Ilunorduak  Literatur Emailuetako albistea.
Joxan Ormazabal Literatur Zubitegian

Zuhaitz erraldoia

Bada hor nonbait, diotenez, zuhaitz handi bat, imajina ezin daitekeen bezain handia, milioika eta milioika hosto dituena. Pertsona bat hiltzen denean, haren aurpegi bizi bihurtzen da zuhaitz handiaren hostoetako bat. Haize leun batek kulunkatzen ditu aurpegi guztiak. Ez dira aspertzen batere, hizketan, barrez eta kantuan.

Denok daukagu zain, diotenez, hiltzen garenerako hosto bat zuhaitz handian.

Zientzialari, kazetari eta filosofo ugari dabiltza zuhaitz horren bila. Baina oraindik ez du inork aurkitu.

Text 22 Apr Ospitalekoak, Mikel Antzaren lehen nobela

Ospitalekoak

Mikel Antzak lehen nobela aurkeztu du gaur Donostian. Mikel Antzaren Ospitalekoak nobela aurkeztu dute gaur Susa literatura argitaletxeko Josu Landa eta Gorka Arresek.

Mikel Antzak bi ipuin liburu eta antzerki obra bat argitaratu zituen 80etan: Lehen bilduma (1985), Beteluko balnearioko mirakulua (1985) eta Odolaren usaina (1987). Hogeitaka urte geroago dakar orain bere lehendabiziko nobela: Ospitalekoak, Fresnes espetxean idatzia. Preso bat neskalagunari idazten ari zaio kartzela-ospitaletik, egoera hain makurrera nola iritsi den azaltzen, kontakizunak aurrera egin ahala gertakari estrainio eta ezustekoen kate bat bihurtzeraino. Oroitzapen eta sentiera barnekoiz bustitako eleberria duzu, gatibutasunari buruzko kronika zorrotz trenkatua, ihes eta libertate desiraren aldarria.


Design crafted by Prashanth Kamalakanthan. Powered by Tumblr.